Horregatik, nire blogaren izenburua. Haur hezkuntza pausoz pauso; pauso txikiak ematen iristen baita urrutira.
Hainbat arrazoi izan dira horrenbeste denbora igarotzeko paper-zorro honi hasiera emateko. Lehenik eta behin, aipatu beharra daukat ez nekiela zer idatzi, beraz, arrazoi honek erabat blokeatuta utzi ninduen; ikaskideak haien paper-zorroak jorratzen hasi arte behintzat. Horretaz gain, nahiz eta zer jakin idatzi, ez nekien nola idatzi, hau da, buruan nuena ez nekien nola azaldu hitzez. Bestalde, denbora arazoak ere izan ditut. Jo ta ke ibili gara hainbat lan desberdinekin (oraindik ere horrela gabiltza eta horrela jarraituko dugu maiatzak 10 arte). Goizean goiz unibertsitatean elkartzen gara eta klaseak bukatu arte bertan egoten gara. Etxera iristen naizenean erabat nekatuta nago, autobusak eta egun guztiko aktibitateak energia guztia xurgatzen didate. Eskerrak pentsatzeko denbora izaten dudan eta horregatik, paper zorro hau jorratzeko ideiak bururatzen zaizkit. Horrela, hasiera emango diot atal amaigabe honi.
Bigarren lauhilabetekoa hasi da. Beste 5 ikasgai ditut, horietatik lauren nondik norakoak imajinatzen ditut. Izan ere, ikasgaiaren izenak ideia bat sortzen dizu, “hezkuntzaren psikologia”, “Desarrollo de la expresión musical” … Baina bada ikasgai bat behin ere ez dudana entzun: Didaktika Orokorra. Zer izango ote da? Zer egin beharko dugu? Makina bat galdera nire buruan. Didaktika. Zer esan nahi du hitz honek? Nik beti, hitz abstraktu bat bezala ulertu dut. Ulertu baino, ematen zaidan testuinguruari esker zentzua hartzen diot. Baina inoiz ez dut lortu hitz honen esanahia guztiz ulertzea. Beraz, zer aurkituko dugu klasean?
Lehenengo eguna. Taldetxoetan bilduz, hainbat galdera erantzuten saiatu gara. Talde bakoitzari galdera bat egokitu zaio. Guk ea hezkuntza non ematen den azaldu behar izan dugu. Aurreko lauhilabetekoa nahiko fresko genuenez erraz erantzun ahal izan dugu. Aurkezpena eta ariketa hau eginez, etxera joan gara. Autobusean buruari eragin diot. Zertan oinarritzen zen gaurko ariketa? Zerbait ikasi al dut? Egia esan, ez naiz oso gustura joan etxera; izan ere, oraindik ez dakit zertan oinarritzen den ikasgaia. Ez dakit zer esan nahi duen Didaktika Orokorrak.
Egunak aurrera doaz, otsaila hasiera da. Gustura aritzen naiz klasean. Ariketak entretenigarriak iruditzen zaizkit. Parte hartzaileak. Hau da, eztabaidagarriak. Ikasgai hau dinamikoa dirudi, orain arte burutako ariketak horrelakoak baitira, dinamikoak. Feedbacka dago. Ez da hartu eman bakarrik. Bakoitzak bere ikuspuntua konpartitzen du. Beraz, zerbait gehiago dakit ikasgaiari buruz. Galdera batzuk erantzunda daude. Didaktika hitza gertuago ikusten dut, baina hala ere, ez dut guztiz honen esanahia neureganatzen.
Inauteriak gerturatzen ari dira. Tolosakoa izanik pentsa nire gogoak. Astebete deskonektatu nahi dut, ostegunetik hasi eta asteartera arte. Baina ez dakit zenbat deskonektatu ahal izango dudan; izan ere, ostiralean eta larunbatean lan egin behar dut eta gainera unibertsitatean pentsatuko dudala badakit, ez ditut lanak egin gabe utzi nahi. Ezin dut horrenbeste deskonektatu. Beldur pixka bat ematen dit honek, zeren eta inauteriak bukatuta lan egin behar dut ere. Beraz aste oso bat baino gehiago egon behar dut unibertsitatera azaldu gabe.
Inauteriak pasa dira eta klasera itzultzeko ordua iritsi da. Espero dut ahal dudana berehala errekuperatzea. Lanean hasi nahiz erritmoa errekuperatu nahian.
Martxoak 7 da. Gaur lan modularrari hasiera eman diogu. Gaur, bisitatu beharreko eskolara joan gara. Zizurkilgo Pedro Mari Otaño eskola bisitatu dugu. Nerbioak. Berriro ere hainbat galdera. Izan ere, egoera berri baten aurrean neure buruari hainbat galdera planteatzeko joera dut. Nolakoa izango da? Harrera ona egingo al digute? Haurrak onartuko al digute?. Ezer esan baino lehen esan beharra daukat esperientzia ikaragarria izan dela. Imajina nezakeena baina askoz ere hobeto joan da. Harrera ikaragarri ona izan da. Lehenik eta behin, eskolaren instalazioak eta txoko guztiak bisitatu ditugu. Pasilloak igaro bitartean eskolaren inguruko hainbat ezaugarri eta bitxikeria aipatu dizkigu. Txoko guztiak bisitatu ondoren, gela arrunta ikustera joan gara. Esperientzia ahaztezina izango da. Guztiek eskuzabalik onartu gaituzte. Umeak haien jarduerak eta betebeharrak egin dituzte gu behatzen ari ginen bitartean. Bitartean irakasleak eta batzuetan haurrak ere gelako apaingarriez eta gelako gauzez hitz egin digute; pelutxe proiektua, adostokia, gelako arduraduna, jardueraren nondik norakoa … Klase arrunta bisitatu ondoren jolastordua zuten eta hau eta gero psikomotrizitate saioa. Beraz goiza psikomotrizitate gela behatzen eta grabatzen amaitu dugu. Ez nahiz gehiago luzatuko honekin; izan ere, lan modularrean dena sakonduta dago.
Hala ere, deigarriena iruditu zaidana azalduko dizuet. Eskola hau, ikas-komunitatea da. Ba al dakizue zer den ikas-komunitatea? Ikasketa kooperatiboa da, non talde elkarreragileak antolatzen diren. Bertan, komunitate osoak parte hartzen du; irakasleak, ikaslea, familia, herria, boluntarioak. Paulo Freire izan da ikas komunitateak garatu dituen pedagogo ezagunena. Sistema hezitzaile berri hau hobeto ulertzeko hona hemen blog batean idatzitako artikulu interesgarria: http://comunidad-aprendizaje.blogspot.com.es/2009/01/paulo-freire-el-pedagogo-que-inspira.html
Orain bai. Askoz ere garbiago ikusten dut Didaktika Orokorra zertan datzan. Izan ere, lan modularra burutzeko eskema bat eman digute laguntza bezala. Bertan hainbat galdera zeuden ikasgai honen inguruan sakontzeko. Baina oraindik ez dut Didaktikaren definizioa eman nahi. Atal honi bukaera ematean azalduko dut. Baina oraindik goiz da.
Aste santua gertu dago. Baina oraindik lan modularra bukatzeko dago eta baita programazioa ere. Programazioa, ufa. Zaila dirudi, oso. Azaltzen ari zitzaigunean bertan sekulako buruhaustea zirudien. Baina tira, behin hasita eta irakaslearen laguntza gertu izanda errazagoa egin zaigu. Horrek ez du esan nahi erraza egin zaigunik.
Aste santuak, bai! Nahiz eta aste santutako bigarren hastean lan egin behar gogoz hartzen ditut. Dagoeneko lan modularra entregatu dugu. Lan modularra. Erraz burutu genuen maite hori, zenbat lan azkeneko momentuan. Izan ere, lana burutzerako garaian ez genuen arazorik izan, pixkanaka-pixkanaka jorratzen joan ginen eta haurreko lan modularra baina errazago egin ahal izan genuen eskemaz baliatu ginelako. Baina, azken egunetan DVDarekin milaka arazo izan genituen. Bideoak formatuz aldatu behar ziren. Bideoak oso luzeak zirenez, bikoitza itxaron behar zen formatuz aldatzeko. Gero bideoa muntatu. Ondoren, argazkien bildumaren karpeta ere sartu behar zen. Azkeneko momentuan erabat larrituta ibili ondoren, lortu genuen. Beraz, bai, aste santuak gogoz hartuko ditut, noski.
Bukatu dira Aste santuak eta errutinara itzuli gara. Programazioa nahikoa zela pentsatzen genuen, baina ez. Orain, Unitate Didaktikoari eskaini behar diogu denbora. Ai ama! Programazioaren antzekoa dela dio irakasleak baina guk asmatu behar dugula dena, hau zoramena! Erokeria. Ez dakigu nola hasi. Blokeatuta erabat. Gainera, ez dakit nola ibiliko garen denboraz; izan ere, berehala bukatzen dugu eta makina bat lan ditugu entregatzeko, bai indibidualak eta baita talde lanak ere. Unitate didaktikoaren gaia ere guk aukeratu behar dugu. Hasieran teknologia berriak aukeratu genuen, baina horren blokeatuta geunden, azkenik, garraiobideak aukeratu dugula gai bezala. Ea zer moduz joaten den.
Estresa. Hitz potoloa. Baina benetan da hori sentitzen duguna denbora gutxian horrenbeste gauza ditugunean burutzeko.
Denbora, mesedez. Hori da behar dugun guztia. Denbora gehiago. Unitate didaktikoa jorratzeko denbora oso gutxi dugu. Nire ustez, denbora nahikoa ez da. Hobeto egongo litzateke nire ustez, beste jardueraren bat ez egin eta denbora hori Unitate Didaktikoari eskaintzea. Egia da lauhileko honetan Ostegun askotan denbora galdu dugula; elurra zela, greba orokorra zela, hurrengo urteko praktikuma zela … Modu batera edo bestera aurre egin behar, ez dago beste aukerarik.
Azken txanpa. Unitate Didaktikoarekin asko aurreratu dugu. Baina hala ere, asko falta zaigu. Gainera, ez dakigu ondo ari garen. Espero dugu baietz. Zeren eta gero azterketan beste Unitate Didaktiko bat burutu behar dugu. Bakarka. Beldurra, hori da sentitzen dudana oraintxe bertan azterketari buruz pentsatzen hasten naizenean. Tira, positiboak izan behar gara. Beste urteetako askok gainditu badute, guk zergatik ez? Beraz, animo denei.
Azken hastea da hau. Dagoeneko lan modularraren aurkezpen guztiak eginda daude. Gure taldea azkena izan da aurkezten. Sekulako beldurra genuen gure ideia beste norbaitek ere izatea, baina ez da horrela izan. Mihiluze saioa prestatu dugu aurkezpena egiteko. Egia esan, ez dakit nola bururatu zitzaigun baina denbora asko eskaini diogu aurkezpenari. Izan ere, esamesak, eroglifikoak eta gainontzeko ariketa guztiak prestatu behar ziren. Baina tira, merezi izan du. Aurkezpena egin eta gero inpresio onarekin geratu gara. Gutxi gorabehera nahi genuen bezala joan da. Egia da, azken taldea izanik jendea bukatzeko gogoarekin zebilela eta eztabaidak ez direla lehenengo eguneko eztabaidak bezalakoak izan. Hala ere, parte hartzea erabatekoa izan da eta ematen zuenez denak gustura aritu dira. Horrela, azken taldea izanik eta haien parte hartzea eskertzeko arratsaldeko azken orduan denontzako saria prestatuta genuen. Bonboiak. Gose izango ginen ez baita bat ere sobratu! Guk behintzat, aurkezle bezala oso ondo pasatu dugu.
Esku batekin kontatu daitezke klaseak bukatzeko falta diren egunak. Blog honi amaiera (ez betiko izango den amaiera) emateko falta direnak. Pare bat lan bakarrik falta dira bukatzeko eta entregatzeko. Horietako bat Unitate didaktikoa. Berehala bukatuko dugu. Azkenean, abiada hartu genuen eta azken zuzenketak burutzen ari gara. Konplikatua eta sinplea da aldi berean. Sinplea da denak lotura bat izan behar duelako. Edukiak, ebaluazio irizpideak, helburuak … Den-dena lotuta egon behar du. Konplikatua da dena guk pentsatu behar dugulako. Guk sortutako edukiak, ebaluazio irizpideak … izan behar dute. Baina tira, bukatzear dugu eta momentu batetik bestera bukatuta izango dugu.
Osteguneko eguna pasa eta ia oporrak. Azterketa bat burutu maiatzaren 18an eta oporrak. Noski, dena gainditzen badugu. Sinestezina. Orain dela hilabete batzuk nire esperientzia hasten zen unibertsitatean. Hori bai zela urduritasuna. Eskolatik unibertsitaterako pausua. Betiko lagunak izan direnetatik agurtu eta berriak egitera. Gainera, adin desberdinetakoak. Ohituta gaude generazio berdinekoekin ikastea eta orain, berriz, 18 urtetik hasi eta ez dakit zenbat urte arterainoko ikaskideak ditugu. Kurtso hasieran erabat arraroa egiten zitzaidana, orain eroso sentiarazten nauena da. Klasean jende kopuru txikia garenez, familia handia da. Denok denak ezagutzen ditugu eta denak denekin hitz egiten dugu arazorik gabe. Atsegina da hori. Tira, esan beharra dago liskarraldi txikiak ere egon direla, baina garrantzirik gabekoak.
Beraz, amaitzen ari den kurtso hau atsegina izan da bere osotasunean. Aurretik genekien gutxi hori orain, benetan sakonduta dugu. Arlo guztietan. Gure jakituria zabaldu da era dinamikoan; izan ere, talde lan mordoa izan dugu. Nekagarriak batzuetan, jostagarriak bestetan … baina denak ikasteko baliabide bikainak. Ez al da egia, talde lanak buruz gehiago ikasten dugula azterketa bat burutuz baino? Nire ustez bai, asko ere gehiago ikasten dugu talde lanetan arituz. Talde lana burutzeko jakin egin behar da gaiari buruz, eta burutzen goazen heinean ikasten goaz. Azterketan, aldiz, azterketa egunerako ikasten dugu eta azterketatik atera bezain pronto ahaztu egiten dugu. Talde lanari esker, gehiago ikasteaz gain (gainditzeko justua bakarrik ikasi beharrean, gaiaren inguruan osotasunean ikasten baita) luzaroan irauten du gure buruetan. Edukiak menperatzeaz gain, taldean jarduten erakusten du; ideiak konpartitzen, iritziak ematen, iritziak aldatzen … Beraz, pentsatu orain arte izan dugun estresa talde lanengatik, merezi izan duen ala ez. Noski baietz.
Paper-zorro honen hasieran hainbat galdera nituen, dagoeneko horietako asko erantzunda daude baina garrantzitsuena falta da. Zer da didaktika? Nire hitzekin azaltzen saiatuko nahiz. Irakaskuntzako eta ikaskuntzako prozesu eta elementu guztiak kontuan hartzen ditu eta hauetan parte hartzen duten pertsona guztiak kontuan hartzen dira, baita hauen arteko erlazioak ere. Erlazioa ez da ikasle irakasle bakarrik (edo alderantziz), ikasle-ikasleen arteko erlazioa ere oso garrantzitsua da, berdinen arteko erlazioa. Inguruak ere benetako garrantzia izaten du, ez da berdin irakaslearen mahaia egotea gelaren alde batean eta ikasle guztiak hari begira mahaietan ere, bata bestearen atzean edo mahai guztiak borobilean antolatzea guztiak guztiei behatu ahal izateko. Unitate didaktikan aritu garen bezala, hemen ere, edukiak, helburuak ebaluazio irizpideak, metodologia … kontuan hartzen dira. Gaur egungo didaktika, orokorrean, ez da gure gurasoena bezalakoa. Lehen, ikasleak ez ziren kontuan hartzen, are gutxiago haien arteko erlazioak. Irakaslea zen denaren jabe eta berak esaten zuena horrela izan behar zuen iritziak alde batera utziz. Didaktika kontzeptuari helduz, gaur egun ikaskuntza aktiboa bultzatzen dela esan daiteke; parte hartzailea, taldean jardutea, kreatibitatea bultzatzekoa, pentsaraztekoa … Baina batez ere, dinamikoa. Hau dena, ulermena muinean egonik. Haur bakoitzak ulertzea ezinbestekoa da. Gaur egun, era “dibertigarrian” nolabait esateko, ikasten da. Lehen, aldiz, buruz bakarrik ikasten zen, gaitasunak kontuan hartu gabe. Noski, esan beharra dago, orain ere jarrera konduktista batzuk nahi gabe izaten direla. Ez dugu manual bat egoera guztietan nola jokatu behar dugun esaten diguna. Horregatik, garrantzitsua da edozein egoeraren haurrean aurretik aipatutako guztia kontuan izatea. Hau guztia aipatuta, aipatu behar da Didaktika Orokorra ikaskuntza eta irakaskuntzan erabiltzen diren metodoak aztertzen dituela.
JAIO NAIZ LIBRE IZATEKO ETA EZ LOTURIK EGOTEKO. Honekin esan nahi dudana da, bakoitzak nahi dituen nahiak izan ditzakeela eta helburuak lortzen saiatu behar duela. Izan ere, blogean jarri dudan pelikulan bezala, Sodaren nahia eta helburua eskolara joatea zen baina aitak ez zion uzten.
Ttipi-ttapa, pausoz pauso, iristen da urrutira. Bakoitzak bere helburuak lortzeko borroka egin behar du, agian ez dira errazak izango, baina inork ez du esan ezinezkoak direnik. Horregatik, ttipi-ttapa, pixkanaka-pixkanaka gure helburura gerturatzen joango gara, hara iritsi arte.
Beraz, hasieran planteatutako galdera guzti horiek erantzunda paper-zorro honi amaiera emango diot. Hasieran aipatu bezala, ez da betiko amaiera izango. Blog honek jarraitu egingo du. Atsedenaldi luze bat izango du, besterik ez. Udara ona pasa, eta laster arte!
Kaixo Amaia, oraindik ez duzu ezer idatzi hemen. Niri jarraipena egitean gustatuko litzaidake, baina horretarako idazten joan behar zara. Ideiak hartzeko irakurri besteen blogak, ideiak etorriko dira, baina ez utzi bukaerarako! Animo!
ResponderEliminar