miércoles, 29 de febrero de 2012

Zein hezkuntza eremutan arituko naiz etorkizunean?

Zein hezkuntza eremutan arituko naizen galdetu didate. Zaila erantzuteko. Zein eremutan lan egitea gustatuko litzaidakeen azalduko dut.
Haur Hezkuntzako irakasle izan nahi nuela ohartu nintzenean, eskola batean imajinatzen nuen eta dut neure burua, 15 bat ikasleen aurrean. Lehen 20 bat ikasleen aurrean esaten nuen. Baina aurreko batean, nire 2 ikaskide eta ni Zizurkilgo eskola batean egon ginen saio arrunt bat behatzen. 14 haur ziren ikasgelan eta konturatu nintzen talde polita zela, ez asko eta ezta gutxi ere. Orduan, eskola txikiak nahiago ditudala pentsatzen dut. Ez naiz egon ikasle talde handiago baten aurrean, beraz, ezin dut esan seguru nahiago dudala txikia. Esperientzia izugarria izan zen hura. Pentsatzen nuena baino gehiago gustatu zitzaidan "irakasle mundua". Beraz, etorkizunean, nire helburuetako bat hezkuntza formalean lan egitea da.
Hezkuntza formalaren barruan, eskola pribatu eta publikoaren konparazio pertsonala egitea gustatuko litzaidake. Horrela, bata edo bestea izateko helburu. Oraingoz, publikoa dut helburu. Horretaz gain, Zizurkilgo eskola bezala, ikas komunitatea bada, ezin hobe.
Hala ere, hezkuntza ez-formalean lan egitea ere gustatuko litzaidake. Probatu. Udalekuak eta gainerako ekintzak oso interesgarriak baitira. Horregatik, begirale ikastaroa egiteko pentsatzen ari naiz. Agian, hurrengo urtean.

Ongi etorri Amaiaren txokora!

Nire lehenengo sarrera honetan bisitari orori ongi etorria eman nahi diot nire blogera neure burua aurkeztuz. Haur Hezkuntzako lehenengo mailako ikasketak burutzen ari naizenez Irakasle Unibertsitate Eskolan, bizitzan zehar eginiko ikasketa prozesua azalduko dut kronologikoki. 
1993ko irailaren 28an jaio nintzen. Baina hori baina lehenago, amaren barruan nengoenean ere ikasten ari nintzen. Izan ere, soinu batzuk jada ezagunak nituen. Amak beti esan izan dit, anaia eskolatik iristen zenean eta amaren tripari hitz egiten hasten zenean, berehala ostikoak ematen hasten nintzela. Anaiaren ahotsa ezagun nuen. Bitxikeria hau, frogatuta dago. Holandan egin zen ikerketa eta The Lancet aldizkarian argitaratuta dago.
Jaio eta berehala, beste hainbat gauza ikasi behar izan nituen, independenteagoa izatera pasa bainintzen. 3 urte arte familian hezi eta hazi nintzen. Ordura arte, hezkuntza informala bakarrik ezagutzen nuen.
3 urterekin Laskorain Ikastolara joaten hasi nintzen. Beraz, hezkuntza formala ere jasotzen hasi nintzen. Izugarrizko aldaketa suposatzen du honek haur batengan. Egunero, ia orduro familian egotera egokituta dago haurra, auzoko haurrekin jolasten du parkean … Bat-batean, astelehenetik ostiralera eskolara joan behar du, goiz eta arratsalde. Gainera, lagun berriak egiten ditu. Nire esperientzia ez dut gogoratzen, baina beti esan didate berehala egokitu nintzela eta ez nuela arazorik izan. Ikastolara joatea atsegin nuen. Lagun berriei zegokienez, gogoratzen dut, ikaskide guztiak binaka ginela lagun-min. Noski, bikoitiak ginen gelan. Adin horietan, lagunak talde txikietan biltzen baitira, gero handiago bihurtuz.
Lehen Hezkuntzako lehen kurtsoan lehen aldiz jaso nuen hezkuntza ez-formala. Katekesira joaten hasi nintzen 3.maila arte. 3.mailan, Jaunartzea egin eta gero ez nuen gehiago jarraitu. Orain, Katekesiaren dinamika erabat aldatu da. Noticias de Guipuzcoa egunkariko artikulua interesgarria da aldaketa honetaz jabetzeko.
 Adin honetatik aurrera ere, lagunak berebiziko garrantzia dute hezkuntza informalean. Izan ere, arratsaldea batera igarotzen hasten ginen gurasorik gabe. Gainera, dantzako klasetara ere joaten hasi nintzen DBH bukatu arte. Beraz, lagun berriak egin nituen; horietako asko, gaur koadrilako lagunak direnak. 
Gero, seigarren mailan, ikastolatik kanpo, ingelerako klasetara joaten nintzen ingelesaren maila hobetzeko. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailatik aurrera, matematikako klasetara joaten hasi nintzen nota hobea lortzeko. Ondoren, fisika eta kimikako klasetara ere joaten nintzen. Gaur egun, ingelerako klasetara joaten naiz oraindik. Beraz, astelehenetik ostegunera 3 hezkuntza eremutan aritzen naiz. 
Gaur, Haur Hezkuntzako graduan nago. Txikitan beti esaten nuen irakasle izan nahi nuela. Urteak pasa ahala, erizain lanak ere atsegin nituen. Nahiko buruhauste izan nuen gai honekin. Baina argi nuen gauza bakarra hau zen; irakasle izan nahi badut, haur hezkuntzako irakaslea eta erizaina izan nahi badut, pediatra lanetan. Haurrak oso atsegin ditut.